Lea Ibarra Amankomunazgoa - Munitibar - Aulesti - Gizaburuaga - Amoroto - Mendexa

Baserri bat Lea Ibarran

Amoroto - Leku eta Eraikin Interesgarriak

Elexalde Auzoa

Elexalde Auzoa.

Ilustrazio garaiko haize berritzaileak Amorotoraino heldu ziren. Erdi Aroan eraikitako auzunea dugu Amoroto, baina XVIII. mendearen erdi aldean erabat berritu zuten auzoa, bai etxe partikularrak eta bai eraikin publikoak. Ordura arte ohikoena zen egurrezko egitura albo batera utzi eta baserriak kargamurru sendoen gainean hasi ziren eraikitzen, eta sarreretan arkupeak jarri zituzten. Udaletxea ere garai hartakoa da, eta balkoi zabala du, plazari begira.

Harrigarria gertatzen da gune txiki honen edertasuna eta oreka. Baserri gehienek goi-mailako kalitate arkitektonikoa erakusten dute eta inguru guztia oso ondo zainduta dago.
Etxe-multzo bikain honetan, eskualdean ohiko diren laborantzarako etxeen tipologia eta kronologia desberdinak aurkituko ditugu.

Antzinako baserri zahar batzuen egituran zutabeak ageri dira eta beste batzuen egitura barrokoan, berriz, arku bat edo bi sarreran. Bigarren multzo honetan baten bat nabarmentzekotan, Aldekoa eta Iturraran Bekoa baserriak ditugu aipagarri. Etxalde askok XVIII. eta XIX. mendeetako hitz-eskaintza dute aurrealdean ezarrita (baten batek euskaraz, ohikoa ez den arren). Azkena aipatu dugun baserrian, esaterako, honako hauxe dioen inskripzioa irakurtzen da arkuen salmerraren gainean: "Eguiten badoc bierra jango doc ogia". Kokapena ez du ohikoa, ez baitago fatxadako paretean ezarria, baizik eta atzeko aldean.

Herriko plaza

Amorotoko Herriko Plaza.

Udaletxearen aurrean dago, eliza albo batean duela. Bertan aurkituko dugu Herriko taberna.

1999an guztiz berritu zuten eta eserlekuak eta iturria ipini. Halaber, herriko plaza bezain itxurosoak ditugu berau inguratzen duten etxeak (Iturraran Bekoa baserria, besteak beste).

Gurutzea

Gurutzea.

Bide bazterreko gurutze hau 1835ekoa da.

Idarreta Baserria

Idarreta Baserria.

Urrutia auzoan dago. 1754 urtean eraiki zuten, eta barrokoa da egituraz. Oinplano errektangularrekoa dugu.

Atari eder batek, sarrerako arku painelatu bikoitzak, erdian zutabe lodi batek eta eskultura-multzoak alaitzen dute eraikuntza.

San Martin parrokia

San Martin parrokia.

Auzo-izenak iradokitzen duen moduan, Elexalde auzoan dago, herri-kaskoan.

Parrokia hau gotiko-errenazentista zen estiloz, baina, auzune osoaren moduan, berritu egin zuten XVIII. mendean. Zutabez eginiko tenplu neoklasikoa dugu geroztik.

1900 urteko ordularia dauka horma nagusian.

San Migel Ermita

San Migel Ermita.

Elexalde auzoaren sarreran dago, Lekeitio-Amoroto errepidearen eskuin aldera gelditzen da eta herrira sartzean ikusten den lehen eraikina dugu.

Baseliz honek aurrealdean erdiko ate adintelatua du, alboetan leiho errektangular bi (harlanduz eginak), eta harrizko Pontea, gurutzea erliebean daukana. Ate nagusiaren gainean, bere dintelean, "San Migel Goiaingerua" dioen inskripzioa dauka eta beronen gainean harri grisezko gurutzea erliebean.

Harrizko aldare hau Alper-harria deritzon zilindro bati eutsita dago eta atzean, guztiaren buru, San Migel Goiaingeruaren irudia ageri da.

XX. gizaldiko estilo herritarreko baseliza dugu, San Martin parrokiaren menpekoa.

Santa Barbara Baseliza

Santa Barbara Baseliza.

Santa Barbara deritzon muinoan kokatuta dago, urtegiaren alboan, eta bertara heltzeko Odiagako auzo-bidetik jo behar da.

Bere aldarea harrizkoa da, Alper-harri deritzon zilindro bati eutsita dago.

Atzean Santa Barbararen irudia ageri da. Zehaztu ezin daitekeen estilo herritarrekoa dugu.

Leize-zuloak

Leize-zuloak Planoa.

Abitaga leize-zuloa
Oleta auzoan dago, Bista Alegre mendiaren hegoaldean, itsas neurritik 400 metroko altueran. 1,50 metroko sarrera du.

Joxe Migel Barandiaranek giza aztarnak eta eskulanak aurkitu zituen bertan 1964 urtean. Madaleniense aldikoa da aztarnategia.

Abitako koba
Gizaburuaga-Lekeitio errepidea baino lehentxeago aurkituko dugu, Oleta auzoan. 1929an eman zuten ezagutzera, Aranzadi, Eguren eta Barandiaran arkeologoek. Bere sarbideak 1,50 metroko altuera du eta 3 metroko zabalera.
Koba garrantzitsua dugu zinez, interes arkeologiko, historiko, biologiko eta espeleologiko handikoa.
Saguzar multzo handiak bizi dira bertan eta, antza, behin betiko galtzeko zorian dagoen espeziea da bertan bizi dena.
Espeleologiari dagokionez, 1999an galeria berriak aurkitu zituzten. Galeria nagusiak 15 metroko altuera du punturik garaienean.
Bigarren karlistadan leku garrantzitsutzat zeukaten.

Pepetxo leizea
Atxurra deritzon auzoan, Lea Ibaiaren adar baten inguruan sei leizez osaturiko leize-multzoa dago. Horietariko bat dugu Pepetxo.
Atxamonte mendiaren hego-ekialdean dago, Armiño errekaren ertzean. Sarbideak 2,2 metro ditu zabalean. Bere barne-bideak 27 metro ditu guztira, eta beso bi ditu.

Pepetxo III leizea
Pepetxo baino metro batzuk beherago dago, Atxamonte mendian bertan. Leize honen zati bat apurtu egin zuten bere ondotik igarotzen den baso-bidea egitean.
Gaur egun barnealdeko metro bat bakarrik gelditzen da, beraz, eduki arkeologiko ia guztia txikituta dago. Amoroton leize asko badago ere, giza-aztarnak ez dira guztietan aurkitu. Aipatu berri ditugun leize-zuloez gain, Pepetxo II, Pepetxo IV, Armiña, Goiogana I, Atxurraldeko Koba eta Asubitako Koba ditugu.

Cookie-en Erabilera:
Leaibarra.com-ek, geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa, Elexalde 1 - 48289 GIZABURUAGA - Tel: 946842982 - Emaila: leaibarra@bizkaia.org - Web-Mapa - Irisgarritasuna - Lege-oharra - Cookie