Lea Ibarra Amankomunazgoa - Munitibar - Aulesti - Gizaburuaga - Amoroto - Mendexa

Lea Ibarra ibilbidea

Aulesti - Leku eta Eraikin Interesgarriak

Ibañez de Aulestia Dorretxea

Ibañez Aulestia Dorretxea.

Hiriari izena eman dion dorretxe hau Pedro Ibañez de Aulestiak berreraiki zuen 1456. urtean, Bizkaiko Hermandadeak, hainbat bandokide ezkutatzearen aitzakiatan, 1451. urtean erre ostean.

Kalitate handiko eraikuntza dugu. Gaur egun fatxada ez du oso agerian, hainbat elementu gehitu baitzaizkio kanpoaldetik. Kubo boluminotsua da. Bere hormek, 1,90 metroko lodiera dute eta kararrizko harlanduz eginda daude.

Barnealdeak hiru altuera ditu, eta egitura egurrezko zutabe eta habez eginda dago. Etxeko sarbidea, arku handi bat, beheko plantan zegoen garai batean, baina gaur egun itxita dago. Horren ordez, beste bi sarbide egin dizkiote.

Erdiko plantan sukaldea eta logelak zeuden. Azkenengoan gela zabal bat zegoen, mainel bidez elkartutako bao puntadunek argiztatua, eta bao hauetariko baten akaberan aulestiarren armarria. Azken solairu honen goiko aldean harburu-ilada dago bistan.

Ez da herriko dorretxe bakarra. Garai batean dorretxe eta oinetxe ugari zegoen Aulestin.

Ibañez de Aldekoa Jauregia.

Ibañez Aldekoa Jauregia

Eraikuntza sinplekoa, XVI.-XVII. mendekoa dela uste da.

Izatez dorretxea zen. Hutsuneen banaketa simetrikoa duen fatxada nagusia plazara begira dago, eta etxebizitza, eraikuntza gotikoa zegoen lursailean dago eraikita.

Bi sarbide ditu, itxura errenazentistakoak biak.

Argiñena edo Aulestia Familiaren Jauregia.

Arginena Aulestia Familiaren Jauregia

San Juan Bataiatzailearen elizaren atzealdean dago. Gauzarik interesgarrienen artean, fatxada du aipagarri. Izan ere, aldaketa asko jasan dituen arren, fatxadaren erdian Behe Erdi Aroko dorretxeak eta zenbait baserri gotiko gogora arazten dituen atari zorroztua mantentzen du oraindik. Dobela handiak ditu eta trapezio itxurako giltzarria.

Ezkerraldeko balkoi txikiak burdinsari neoklasikoa du eta gezileihoak gotikoak dira.

Argazkian, Argiñena jauregiaren ataria.

San Juan Bataiatzailearen Parrokia.

San Juan Bataiatzaile Parrokia

Aulestiko parrokia, gaur ezagutzen duguna, 1528 eta 1640 bitartean eraiki zela ageri da idatzietan. Lehengo parrokia, Murelagako San Juan Burumoztuaren ermitan zegoen, Ibarrola auzoan, Murla izenez ezagutzen den tokian, hain zuzen ere. 1640 urtean aldatu zituzten parrokia berrira bataioetarako ur bedeinkatuaren ontzia eta pontea eta sagrarioa.

136 oin dauzka luzean eta 71 zabalean. Oizko kararriaz egindako 6 zutabe lodi ditu gangei eusteko, eta hiru nabetan banatuta dago.

Harrizko dorre zabalak elizaurrea hartzen du. Lodia eta sendoa da.

Bost kanpai ditu, horietako bat Belen kanpaia deitzen da. 1626ko uztailaren 28an, Kalagorriko artzapezpikuaren baimenaz beste fraile gotzain batek bedeinkatua. Kanpai hau trumoi eta ekaitzetan jotzen da, konjuroak egitean. Horrez gain bazuen beste zeregin bat ere: emakumeren bat erditzeko zegoenean, une larri horiek ondo igarotzeko eta zetorrena osasunez etortzea eskatzeko jotzen zen. Bertako tabernakuloa aulestiar tailagile ospetsu eta ezaguna zen Martin Basabek egin zuen.

Herri sinistea da, parrokia berria egitean, etxe biren artean eztabaida gogorrak egon zirela, haren aurrealdea nora begira egin behar zen ados jarri ezinik.

Ibañez-Aldekoatarrak oraintxe dagoen moduan egitea nahi zuten, baina Gorordo etxekoek, Argiñena etxekoek, euren etxeari begira egiteko eskatzen zuten. Itxuraz lurren gorabehera ere bazebilen tartean. Azkenean Aulestiko Dorreko jauna bitartean sartu eta gaur dagoen eran egitea lortu zuen.

Malatseko San Martin Baseliza.

Malatseko San Martin Baseliza

Donibane edo Murlelagako San Juanen hurrengo, ermitarik handiena. Malats auzoan dago, eskualdeko nekazaritzako etxe zaharrenetakoak dauden inguruan (Beti, Beti goikoa eta Artiz baserriak, esate baterako), baserrien gunetik oso hurbil.

Santa Eufemiko harriolen gibelean kokatzen da, itsas neurria baino 280 metro gorago.

Artez inguratutako baseliza gotiko hau Erdi Aroaren bukaeran eraikia da, eta arku ojibalak ditu ate-leihoetan. Teilatua bi uretakoa da. Honen gainean, harrizko ezpatari txikia dago.

Badirudi ermita hau behin baino gehiagotan erre dela. Eliza barruan, aurre-aurrean, horma zurian gurutze bat dago, aldare-mahaiaren gainaldean. Bertako santuaren irudia hegal batean ipinita dago eta ez dago beste irudirik. Arku zorrotzeko atea du, eta gezileiho itsua. Aspaldi, Jasokundearen aurreko astelehenean, baselizara erreguka joan ohi ziren eta bertan ura eta gatza bedeinkatzen zituzten. Soroetan gurutzeak ipintzen ziren eta ur bedeinkatua zabaltzen zen soroz soro. Jaia azaroaren 11n izaten da, baina jai egunaren hurrengo larunbatean ospatzen da bertako eguna.

San Juan Murelagakoaren Ermita.

San Juan Murelagakoaren Ermita

Garai bateko parrokia zena. Hemendik aldatu ziren kaleko parrokia berrira ur-bedeinkatuaren ontzia, sagrarioa eta parrokiaren ezaugarri izaten diren gainerako elementuak...
14,60 metro ditu luzeran eta 8,80 zabaleran. Ez dauka kanpandorrerik eta aldare bakarra du. San Juanen burumoztua gogoratu eta gurtzen da bertan. Abuztuaren 29an ospatzen da bertako jaia. Aldarean bertan beste bi irudi daude: Herodes eta Herodiana. Hala deitzen diete.

Lehen, lo egin ezinez ibiltzen ziren haurrak ermita honetara ekartzen zituzten. Ez bakarrik bertakoak, baita inguruetakoak ere. Behar bada, San Juan bezperako loaren esaldiko sinisteak eraginda, alegia, egun honetako siestak urte guztirako logurea ematen duela. Aipagarria da ermita honek duen 1918ko ordularia.
Esaten denez, ermita honetan Kristoren irudi handi bat egon zen, bai eta Andra Mariarena ere. Gaur, aldare bakarrean, esandako irudiak daude eta alboetan ingurukoen fedeak ipinitako lauki bi: Familia Sakratuarena eta Antonio deunarena.

Koruaren gainaldean, barruko aldeko horman, harri zulo bat dago eta harri honek gizonaren ahotsa handitu egiten duelako sinestea dago.

Herriko ermiten artean handiena da neurriz.

Elizatxu Ermita.

Elizatxu Ermita

Aulesti deituriko kalean dago, herrian bertan. Errukiaren Ama, Kristo Hila besoetan duela gurtzen da bertan.

San Blasetan ospatzen da bertako jaia. Janariak eta bederatzi egunetan saman erabili behar izaten den haria bedeinkatzen dira egun horretan.

Batzuen ustez, neguaren eraginetarako sendagarririk onena da. 23 metro ere ez ditu.

Santa Eufemi Ermita.

Santa Eufemi Ermita

Augustin Zubikarai eta Juan Fdez. Egigurenek "Aulesti" liburuan ongi diotenez, inguru zabalean, bai Bizkaian eta bai Gipuzkoan, entzute eta onespen handiko ermita dugu hau. Bertara heltzeko, batez ere igotzeko, bidea neketsua du, «baina erromes ugari ikusi izan dira gerrian argizaria lotuta zelaitik gorako bidea hartu eta gero hasten diren harrizko eskilaretan gora, batzuetan euritan, bestetan eguzki galdatan». Berrehundik gora eskailera-maila ditu bideak.

Ermita bera itsas neurritik 697 metrora dago. Aipatu berri dugun liburuaren egileek inguruari esaera zaharra egozten zaiola argitzen digute: «esaera da leku hartan, aintzinako jentilak, harriola bat eduki ebela eta inguruetan ezagutzen diren harri pendulak ordukoak direla».

J.M. Barandiaranen esanetan, Markinako parrokia egitean jentilak Santa Eufemitik jaurtikitzen zituzten harriak. Eta inguru horretan dauden harriak ordukoak direla.

Horma batean, santu-irudi baten harrizko lekuan, bururik gabeko irudi bat gelditzen da.

Santa Eufemiko erromeriak bazeukan dei berezi bat, eta ezagupideak egiteko aukerakotzat zeukaten askok. Beraz, ez da harritzekoa modu honetako kantu ugari egotea:

Santa Eufemiko zelaian
neskazarrak dantzan,
agureak kiñuka
iñor jausten ba zan...

Jai eguna irailaren 16an ospatzen da

Bizente Deunaren Ermita.

Bizente Deunaren Ermita

Toki haizetsuan dago, itsas mailatik 280 metrora, herritik pare bat kilometrora, Narea auzora doan bidean. Urtarrilaren 22an ospatzen da bertako jaia, San Bizente egunez.

Ohitura zen lehen, letani egunetan ura eta gatza bedeinkatzea.

Aldare bakarra dago.
Nareatarrek 1980an berriztu zuten ermita hau kofradiaren kontura.

Paulo Deunaren Ermita.

Paulo Deunaren Ermita

Aulestitik Munitibarrera goazela, errepideko 42,5 kilometro inguruan, eskumako bidea hartu eta tontor batean, pinu eta haritz artean dago, itsas neurritik 178 metrora. Ermita txikia da, Elizatxu kenduta, berau da txikiena. Ez du dorrerik. 1980an berriztu zuten.

Lehen, urteko jaiaren ospakizunetan, ekainaren 29an ohitura zen bertara heltzen ziren erromesei ardo zuri eta gailetak eskaintzea.

Maria Madalenaren Ermita.

Paulo Deunaren Ermita

Hemen ere ura eta gatza bedeinkatzen ziren, letania egunetan bertara egiten zen joanaldian, gero soroetan zabaltzeko. 1792an eraikia da, Iturrizak Bizkaiko Historian aipatzen duen lez.

Ermitako kanpaia barrualdean dauka. Ermitaren hegaletik Muxo-erreka igarotzen da, bere urak Lea ibaiari ematen dizkiola.

Lorentzo Deunaren Ermita.

Lorentzo Deunaren Ermita

Zubero kofradiako ermita da. Eraikin zahar honek bi irudi ditu: bat aldarean, Lorentzo Deunarena, eta bestea kanpoko horman, sarrerako arkuzko atearen gainean, harri artean ateratako hutsune batean, Kristo gurutzatuaren irudi zahar bat.
Teilatupeko aterpetik zintzilik, kanpaia. Barruko sabaiko egitura egurrezkoa du eta behea porlanez hartua.
Ermita oso antzinekoa dena zalantzarik ez dago, izan ere, elizkizunetarako objektuen artean 1648ko meza-liburu erromatarra dago eta honako inskripzioa du idatzita:

"Para San Lorenzo de Zubero en Aulestia, año mil seiscientos y cincuenta y un años. D. Domingo B. Legarra, cura y beneficiado de esta anteiglesia de San Juan de Murelaga. En la villa de Madrid a veinte días del mes de marzo de mil seiscientos y cincuenta y un años, compre yo el Sr. D. Domingo de Legarra el misal para la ermita de San Lorenzo de la Cofradía de Zubero. Firmado Domingo de Legarra".

San Antonio Abadearen baseliza.

San Antonio Abadearen Baseliza

San Anton auzoan dago, Lekeitiorako norantzan 44. kilometroa pasa eta eskuma aldean, errepidearen eta Lea ibaiaren artean. XVI. mendean eraikitakoa da eta estilo herrikoia du.

Urtarrilaren 17an meza esaten da, San Antonio Abade egunean. Santuaren bitartekaritza ganadua osatzeko eskatzen da. Era berean, hizketan berandu hasten ziren umeen alde otoitz egiteko ohitura zegoen.

Gurutzeak.

Gurutzeak

Euskal Herria gurutzearen irudien zale da. Gurutze ugari ikusten dira gure herrietan, ez bakarrik mendi-tontor eta bidegurutzetan, baita etxe eta kaleetan ere.

Herri txikietan ohiturazkoa da herri sarreran gurutzetakoak hastea, hamalaugarren geldi aldia eliza aurrean lekutzeko. Garizuman eta Aste Santuan, gurutze horien gurtza egin izan da. Aulestik ere baditu harrizko gurutze lodiak. Igartzen da herriko arginek eginak izango zirela, beste herri batzuetakoen trebetasun, apaindura eta txukuntasun barik.

Amoroto eta Aulestiko gurutzeak oso antzekoak dira. Lodiak, betiko eginak. Noizkoak dira, ordea? Eguraldiak ilundu eta zahar itxura emanda badaude ere, badirudi 1893an hasi zirela egiten.

Garatxana edo Garatxaga Baserria.

Garatxana edo Garatxaga Baserria

Ibarrola auzoan dago, San Paulo deituriko ermitaren ondoan. Izugarri ederra da.

Arkitekto askok goraipatu izan dute bere neurri eta antolamenduagatik eta, batez ere, zuhaitz osoak erabiliaz egina delako.

Iturritza Goikoa Baserria.

Iturritza Goikoa Baserria

1388 urtean Ziortzako Kolejiataren korta zen. 1462an Ziortzako Kolejiatako agindu batean irakurtzen denez, urte honetan egin zen baserria. Agindu hori 1608koa da eta bertan esaten da urtero lau anega gari zor zituela.

Ikusten denez, etxe hau Ziortzako Kolejiatari hamarrenak eta primiziak ematera behartuta zegoen.

Egitura berezia dauka arkitektura aldetik, leihoak barruranzko zuloetan ateratakoak direlako eta bere kortaren handitasunagatik.

Antza, XVI. gizaldian, gudari taldeak hemendik igarotzen zirenean, bertan geratzen ziren lotan eta atseden hartzen.

Kortabitarte Bekoa eta Goikoa Baserriak.

Kortabitarte Bekoa Baserria

KORTABITARTE BEHEKOA

1532. urtean, Parrokiko hilobien banaketan agertzen da izen hau.

1549an Kortabitarte etxea Ziortzako Kolejiatarekin zorretan agertzen da. Eta halaxe segitzen du bi mende luzez.

KORTABITARTE GOIKOA

1704. eta 1745. urteen artean egina da.

Soloaga Baserria.

Soloaga Baserria

Baserri honengatik esaten da Kortabitarte Bekoa baino zaharragoa dela.

1925ean erre egin zen. 32,29 hektarea dauzka, euretatik 29,11 mendi-lurrak dira.

Labea eta tolarea ditu etxean bertan, baina ez dira erabiltzen.

Andikoetxea Torretxua edo Torretxulo.

Andikoetxea Torretxua edo Torretxulo

San Anton auzoan dago. Badirudi etxe hau garaia izan zela.

Tolarea dauka, baina azken 25 urteetan ez da erabiltzen.

Garaiak.

Garaiak

Bi garai daude Aulestin.

Bata Malats auzoan dago, Arteagan. Zeharo aldatuta dago gaur egun.

Bigarrena, argazkikoa, Narea auzoan dago, Goitia baserrian. Luzaro erdi zapalduta egon zen, hain zuzen ere elurtza batean behea jo zuelako.

Itxuraz jausi zena luzeagoa zen orain berriztatua agertzen dena baino. Antza, ez dauka arkitektura aldetik lehen zeukan kutsurik.

Malats Auzunea.

Malats Auzunea

Oso auzo ederra da. Beti, Beti Goikoa eta Artiz dira bertako baserririk ikusgarrienak

Errotak.

Torreko Errota

Angiz errota. 1950 inguruan utzi zioten irina egiteari.

Goiko Errota eta Beko Errota. 1983. urteaz geroztik irinik ez da egiten. Baserri biok 8,5 hektarea dituzte guztira.

Zetokiz errota, Beko errota edo Zarrabenta errota. 1745. urtean "Ferrería y molino de Zetokiz" irakurtzen da. Jabea Maria Cruz Aulestia zen eta errotaria, errentan, Jose Auzokoa. 1799an agertzen da maizterrak urtero 660 errial ordaitzen zituela.
Badira, erraz, 50 urte errota lez erabiltzen ez dela.

Amulua, Abadien bolua (Ibeta). Errota izan zen. Hutsik dago.

Torreko Errota. Zerrategira eramaten du ura.

Presak eta zubiak.

Presak eta zubiak

• Presa mota desberdinen erakusleku bikaina dugu Aulestiko herria:
- Amoluako urtegiak grabitatezko arkuak eta kontrahormak ditu, eta harlanduz eta harri-hormaz egina dago.
- Bolintxu errotakoa arkuzkoa da, eta harlanduzko kontrahormak ditu.
- Torreko Errotako presa zuzena da, harlanduz egina hau ere eta hondartza txikitxo bat eratzen du ibaian. Urtegiak izen bereko baserriko urak bideratzeko balio du. Izan ere, aipatu baserri horren instalazio hidraulikoak zerrategi bat mekanizatzeko erabili ziren garai batean. Atsedengune aparta, parketxo bat dauka alboan eta bainuak har daitezke bertan.

• Lea ibaiaren tarte hau zubi ojibal txikitxo eta ederrez beteta dago, hala nola Beko zubia, Bixko Zubia, Errotatxo, Goikolea, Goierri, Ibekatx (argazkian), Ibeta eta Zierra.
Ibaiaren ertzetan mendiko eta uretako landare eta zuhaitzen nahasketa ikusten da.

Ur gozoko iturriak.

Beheko Iturria

Sona handikoak dira Telleria errekako urak. 1743 urtean aurkitu zituzten.

Iturrizak, bere Bizkaiko kondairan, esaten du ur hori mesedegarri gertatu zela gaixo askorentzat, eta jende asko etortzen zela Aulestira, batez ere uda-sasoian, ur horiek edan eta bertan atseden hartzera.

Leize-zuloak.

Kobak

Inguru hau kobaz betea dago. Aulestiko lurretan 31 ezagutzen dira. Jose Migel Barandiaranek Auñamendi sailean agertzen zuen bezala «jakina da Euskal Herriko toki batzuetan altxor aberatsak daudela ezkutatuta. Non dauden zehaztu barik. Hortxe dago nahaste, bakantasun eta irizpideetako ezberdintasuna. Horregatik bilatzeko gogoa eta hauek aurkitu arteko ahaleginak, bai eta horretarako kezka eta zailtasuna ere».

Altxorra aurkitu edo ez, kobak beti dauka halako ezkutuzko edo misteriozko zerbait, eta Aulestin, honetan zaleak direnek, badaukate misterio hori argitu nahian ibiltzeko aukera, nahiz eta bertako leize-zuloak txikiak izan.

Hona hemen hogeita hamaika horietarik batzuk:

Kobaburu. Iluntzar mendiaren sortaldeko magalean. Olabarri baserria baino zertxobait gorago, baserritik 50 bat metro ipar-sartaldera. Sarrerak sei metro ditu zabalean eta hiru altueran, gero zabalgune bat eta 55 metroko zeharzuloa.
Alperdo. Angizola baserritik gertu, Aulestitik Lekeitiorako bideko 46-47 kilometroen artean. Tartekako ur-jarioa dauka eta bere urak Leara jaurtitzen ditu. Neguan ur-zubi bihurtzen da. Alperdo IIarekin batzen da, ur-zubi bat bitarteko dela. 150 metro ditu luzeran.
Lezate Kobie. Aulestitik Lekeitio aldera kilometro bira dago, bidetik hiru-lau metro ezkerretara, Iluntzarren Ipar-Hegoaldeko mendi lepoan. 800 metro inguruko luzera dauka. Bertako urak Aulestiko ur-horminetarako erabiltzen ziren.
Txantxane. Iluntzar mendiaren ipar-ekialdeko aurpegian. 286 zenbakiaren gainean. 56 metroko sakonera dauka.
Belatxikia zuloa. Bedartzandi mendian dago, Markinara begirako alderdian, Aulestitik Markinarako bideko 46-47 kilometroen artean.
Zuluka. Lekeitiotik Aulestirako bidean, 45-46 kilometroen artean, Angiz auzoaren aurrean, Iluntzarren sortaldeko magalean. Olabarri inguruan dagoen bidexka hartu eta baserri honen inguruan dago, 50 bat metrora. Sarrerak 8 metroko altuera, 5eko zabalera eta 24ko luzera ditu.
Kobaederra. Zulukaren ondoan dago. 3 metroko sarrera goruntz eta 0,90eko zabalera du, eta beheruntz doan zehar-bidez 18 metroko gelara heltzen da, eta bertatik kanporako argi-zulo bat ikusten da.
Gonostieko Leizie. Lekeitiotik Aulestirako bidean 44-45 kilometroen artean dagoen bidexka hartu behar da, Goierrirantz. Eskumara eta 500 metro ingurura, izen bereko pinudian zabaltzen da zuloa. Hiru zulo dira.
Gantxuko koba. Aurrekotik gertu dago. Goierritik hasi eta Gantxu mendira goazela, honen ipar-ekialdeko magalean zabaltzen da. Sarrerak zazpi metroko altuera dauka, 3 metroko zabalera eta 30 metroko luzera.
Atxeixeko koba. Goierri auzoan hau ere. Atxeixe mendi aldera jo behar da, eta honen hego aldeko magalean dago koba, Akaiturri baserriaren alboan.
Telleriko koba. Goierri auzotik Telleria mendirantz jo eta sortaldeko magalean dago, Zolua baserritik laster.
Bedartzandiko leizea. Lekeitiotik Aulestirako bidean, 46-47 kilometroan. Koba baserrira daroan bidea hartzen da. Sortalderantz zabaltzen da koba hau, eta hemendik gertu Pagolaria, Sakona eta Erenozulo leizeak daude, Bedartzandi mendian denak ere.
Arrizabalaga. Aulestitik Markinarako bideko 48 eta 49 kilometroen artean Artia baserria dago. Baserri honen inguruan eta Markinarako bideari jarraiki, 500 bat metrora, berezkoa ez den koba bat dago. Arrizabalaga deitzen den pinudiaren barruan dago koba hau, Bedartzandi mendiaren hego-sortaldean.
Olariako Berijeko leizea. Goierri auzoan. Muino handi baten sakonean, Gontzolai baserriaren alboan.
Eriño. Laprestia mendiaren magalean, Zolua baserriari begira. Kanpoleza eta Zulozar ere inguru honetan daude.
Txorizulo. Atxekoiturri mendiaren magalean dago Zolua baserriari begira.
Lezandia. Bedartzandiren iparraldeko magalean, eta Iturritze baserriaren gainean.
Iluntzarreko leizea II. Iluntzar mendiaren hego-sortaldean; bost metroko altuera eta metro biko zabalera ditu sarrerak. Zazpi metroko sakonera.

Cookie-en Erabilera:
Leaibarra.com-ek, geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa, Elexalde 1 - 48289 GIZABURUAGA - Tel: 946842982 - Emaila: leaibarra@bizkaia.org - Web-Mapa - Irisgarritasuna - Lege-oharra - Cookie