Lea Ibarra Amankomunazgoa - Munitibar - Aulesti - Gizaburuaga - Amoroto - Mendexa

Baserri baten sarrera Lea Ibarran

Gizaburuaga - Leku eta Eraikin Interesgarriak

Bengolea Dorrea

Bengolea Dorrea.

Ondare arkitektonikoaz ari garela, Bengoleako auzune osoak merezi du aipamena.

Nabarmenena, hala ere, bertako Bengolea dorrea dugu.

Egun jauregi barroko bilakatu zaigu eta zubi batetik barrena heltzen da bertara.

Ikusgarriak, halaber, urtegiaren alboan dauden errota eta burdinola.

Bengolea Burdinola eta Presa

Bengolea Burdinola eta Presa.

Instalazio hidrauliko konplexua dugu. Ikaztegi izugarri handia, bena eta totxoa biltzeko hainbat espazio, kortak, hiru irin-errota, urtegia eta bi begidun zubiak osatzen dute burdinola bikoitz handi hau. Zutabe bakarrak eusten dio estalki osoari. Euskal Herrian ezagutu diren burdinoletan konplexuenetarikoa dugu teknologi aldetik. Industriaurreko lantegi garrantzitsuenetariko bat izango zen antzina.

Ingurunearen jabe Pedro Bernardo Villarreal de Berrizek instalazio gehienak berritu egin zituen XVIII. mendearen hastapenean. Bengoleako presa ere berezia dugu, inguruko urtegiek ez bezala, estribo zentral bakarrekoa (prisma formakoa), eta aurrealde zuzenekoa baita.

Gizaburuagako Antzubi errotak bi arku ditu eta Olaetakoak, berriz, hiru.

Errotatxu Presa

Errotatxu Presa.

Txoko polit hau bailararen estugune batean dago. Errepidearen 46. kilometroaren parean, zubi ojibala aurkituko dugu eta hura pasata, errota eta grabitate zuzeneko dikea duen harlanduzko urtegia.

Parajearen aberastasunaz gozatzeko, egun eguzkitsuetan etortzea gomendatzen da.

Oibarko Andra Mari Ermita

Oibarko Andra Mari Ermita.

Bengoleatik gertu dago ermita barroko hau.

1752. urtean berregin zuten eta oso itxurosoa dela esan behar, batez ere bolumen kubikoa duelako.

Santa Katalina parrokia

Santa Katalina parrokia.

Gotiko-errenazentista da, XVI. mendean eraikia.

Kanpandorrea 1815 urtekoa du eta horman dagoen ordularia 1914koa.

Gizaburuagako hainbat Baserri

Leixardi eta Eresatorre Baserriak.

Leixardi Baserria

Baserririk zaharrena dela uste da eta Lariz auzoan dago.

Arkuzko ataripea du eta fatxadan sarbide estu gotikoa
(garai batean kortarako ataria izango zen seguruen).

Aurrealdea berregin egin zuten 1746. urtean.

Hainbat Baserri Aipagarri

Eresatorre, 1777an eraikia(beheko argazkian).

  • - Ugaritxa (1773)
  • - Okamika Goikoa (1837)
  • - Eguen Bekoa
  • - Ezuneta
  • - Lariz
  • - Arrangiz Bekoa

Lariz Auzoa

Urgitxi Baserria.

Lariz eta Errekako baserrietan arkuzko ataripe tradizionalak ikusiko ditugu. Bi baserri hauen aurrez aurre Antzina errota dago. Honoko baserriak ere aipagarriak ditugu:

Lariz-Oleta baserria. Errota ere bada eta urtegiaren alboan dago.

Urgitxi baserria. Izen bereko lur azpiko erreka ere inguruotatik pasatzen da, eta izenak kontrakoa iradokitzen badu ere, bazter hauetako emaritsuena da.

Eresa baserria. Alboan, antzinako burdinola eta errota urez hornitzen zituen urtegia dago. Errota oraindik mantentzen bada ere, jada ez dago burdinolaren arrastorik.

Leize-zuloak

Gizaburuagako Kobak.

Kalzaburu Leizea
Lekeitio-Gizaburuaga errepideari jarraiki, Lariz auzora jo behar da ezkerretik. Auzoa atzean utzita, Kalzaburu mendian gora 600 bat metro egin eta artzain-txabola batera helduko gara. Alboko basoan sartu eta kareharrizko muino batzuk ikusiko ditugu. Horietariko bat da Kalzaburu leizea. Atariak 10 bat metroko zabalera du.

Txotxinkoba Leizea
Lariz auzoan dago. Bertara heltzeko, Kalzaburu leizetik mendian gora beste 150 bat metro egin beharko ditugu. Zail egiten da bertara heltzea, sastrakaz josia baitago ingurua. Sarrerako zuloak 3 metro ditu altueran eta 1,9 zabaleran. Barnebide estuan hilobiak daude.

Okamikako Koba
Okamikako Industrialdetik gertu dago, errepidetik 50 bat metrora. Hiru sarbide ditu. Nagusiena lur azpiko erreka baten irteera ere bada eta 4m ditu zabaleran eta 3 altueran.

Hainbat Koba
Koba asko dago, hauezaz gain, Gizaburuagan. Balio arkeologikorik ez duten arren, aipatu egingo ditugu batzuk: Ezunetako koba, Leakobo, Sorginiturri, Urgitxi, Oibar, Lariz, Kobundo eta Larrai.

Cookie-en Erabilera:
Leaibarra.com-ek, geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa, Elexalde 1 - 48289 GIZABURUAGA - Tel: 946842982 - Emaila: leaibarra@bizkaia.org - Web-Mapa - Irisgarritasuna - Lege-oharra - Cookie