Lea Ibarra Amankomunazgoa - Munitibar - Aulesti - Gizaburuaga - Amoroto - Mendexa

Lea Ibarra ibilbidea
Munitibar aintzina
Ferrategi bat

Munitibar - Historia

Sarrera:

Antzinako paperetan Munditibar, Monitibar eta Munitibar ikus daiteke. Eta orduko paperen arabera, Munitibar Gerrikaitzen zegoen. Bizkaian, bertako Jaun deitzen ziren kondeen denboretan, 21 hiri sortu ziren eta euren artean Munitibarkoa. Don Tello Bizkaiko XXII. Jauntzat ezagutu zenak fundatu zuen Munitibar, hamazazpigarrena izan zen, eta hirien arteko hamaseigarren botoa eta jezarlekua zuen Gernikako Batzarretan.
1366 urtean sortua izan zen.

Arbatzegi, Batzar Nagusietan elizateen artean hogeita zortzigarrena zen. Elizate honen lehenengo parrokia, Bixente martiri deunaren izenekoa da, X. gizaldian sortu zuten Bizkaiko jaunen menpeko nekazariek Arbazegi tontorrean. Parroki hau, Ziortzako Kolejiataren menpe zegoen eta, honi indarra kentzeko, patroitza Munitibar auzora aldatzea erabaki zuen Munitibarko Jaunak 1550.urtean, Aldaka, Totorika eta Berre˝oko kofradietako auzoen laguntzaz baliaturik.

Santua jaitsi zutenean borroka gogorra izan zuten Arbazegi, Uriona eta Gerrikakoen aurka. Horiek ez zetozen bat erabaki horrekin. 1554. urtetik aurrera, Mikel deunaren izenpean dago ermita hau. Jakina da gizaldi luzeetan Ziortzako Kanonigoak eta bertako Kolejiatak zerikusi handia eduki zutela Oiz mendian eta inguruetan. Hainbat saroe, zelai-soro eta larre zituzten mendian eta jabetzak hiru alderdi edo sailetan banatzen zituzten. Oizkoak eta bere malda eta saihets guztikoak sailkapen berekoak ziren: bertan sartzen ziren Markina, Mallabia, Ziortza eta Munitibar.

Bigarren saila Gaztiburu zen, eta hemen Gerrikaitz eta Aulesti sartzen ziren. Hirugarren saila, Amallokoentzat lagatzen zuten. 1553. urteko idatzietan irakurtzen denez, Diego Irusta Kolejiatako abade nagusi entzutetsuak, agerbidea zabaldu zuen Gerrikaitzeko eskribauen aurrean, Oiz mendian bazkatu eta bizi zitezkeen zaldikoak Kolejiatakoak bakarrik zirela ziurtatu nahian. Itxuraz Kolejiatak berrehun behor baino gehiago zituen bertan. Agindu honek istilu eta auzi ugari sortu zuen urte luzez.

Gerrikaitzek, hiri egin zenetik, hormak egiteko eta etxeak inguratu eta ateak jartzeko eskubidea zuen, hiri gehienen modura. Antza denez, Gerrikaitz herriak hiru sarrera edo portale zituen edo, agian, lau. XIX. gizaldian, napoleondarren garaietatik hasitako desamortizazio legearen ondoren, Gerrikaitz hiriak eta Arbatzegi elizateak ere nabaritu zituzten lege horren eraginak.

Hemen, jakina denez, herri bakoitzak bere parrokia zeukan, eta 1851. urtean, parrokia bakoitzeko abadeak mugatu ziren. Urte hartan Gerrikaitzeko Andra Mari parrokiak 220 arima eta abade bi zituen euren zerbitzurako. Arbatzegiko San Bizente parrokiak 370 arima eta hiru abade zituen.

Arbatzegi eta Gerrikaitz elkartasun bidean:

1867ko Errege aginduak eragin handia izan zuen Gerrikaitz eta Arbatzegi herrien arteko harremanetan. Lege horrek agintzen zuenaren arabera, 200 auzokide ez zituen udalak, auzoko herriren batekin elkartu behar zuen, udal bakarra osatzeko. Arbaitzegik, urte horretan, 157 auzokide zituen eta Gerrikaitzek 72. Beraz, bien artean 229.

Itxuraz, Arbatzegik eta Gerrikaitzek herri bi zirela, sarri edukitzen zituzten istilu txikiak. Hala ere, gehiagotan izaten zituzten bestelako gorabeherak, hau da, bakarrik egin edo bete ezin eta elkarren laguntzaz egin beharrekoak. Horrelakoetan herri biak Zubialde zubian batzen ziren, han zegoelako bien muga. Lekurik aproposena zen, azken finean, ez gehiago eta ez gutxiago, bata bestearen pareko zirela erakusteko.

Horrelako zerbait gertatu zen 1882. urte inguruan. Jakina, horrelako batzarretara heltzeko, aurrez giroa egokitu behar izaten zen, eta ez zen bat-bateko gertaerako batzarra egiten. Aldi hartan herriak behea jota zeuden, gerrateko zorrak eta ondorenak zirela eta, lepoa ezin jasota. Beste herri askotan berdintsu gertatzen zen. Eta Aldundia bera ere herrietatik dirua hartzeko gertuago zegoen, emateko baino. Urte haietan hasiak ziren herri txikiak ere umeen eskolez eta heziketaz arduratzen, eta ezin ziren heldu maisu edo maistra ordaintzera. Horrelako estuasunak eraginda hasi ziren herri biak hartu-emanetan eta halako batean erabaki zuten herri bien arteko elkartasun osoa gauzatzea.

Aurrez baimena eskatu zen Gobernu Zibilera, eta baimena lortu ondoren herri bien arteko batzar orokorra egin zen Zubialdea deitutako tokian. Batzar hartan bi alkateek hitz egin zuten, elkarren arteko kontu garratzak zituztela eta euren egoera larria adierazi gura zutela esanez. Zoritxarrez, ez Arbatzegik eta ez Gerrikaitzek, ez zeukatela umeentzako lehenengo mailako eskolei eusteko dirurik. Hor zeudela zaharrak eta gaixo behartsuak ere, eta osabidea emateko edo horretan lagundu zezaketen osagileentzat ere ez zeukatela nondik eman, eta errazago zela horrelako lanak elkartasunean eramatea eta herri biek batera jokatzea, batek ezin zuena biren artean ahal zutelako.

Gero, herri bietako kontuak aztertu eta erabaki ostean, 1883ko apirilaren lehen egunaren eguerdiko hamabietan egin zuten elkartu ondorengo lehen batzar ofiziala.

Cookie-en Erabilera:
Leaibarra.com-ek, geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa, Elexalde 1 - 48289 GIZABURUAGA - Tel: 946842982 - Emaila: leaibarra@bizkaia.org - Web-Mapa - Irisgarritasuna - Lege-oharra - Cookie