Lea Ibarra Amankomunazgoa - Munitibar - Aulesti - Gizaburuaga - Amoroto - Mendexa

Amorotoko Baserri bat

Munitibarko - Leku eta Eraikin Interesgarriak

Arbatzegiko San Bizente Parrokia

San Bizente Parrokia

San Bizenteren aurreko parrokia San Migel ermita izan zela esaten da; 1550 urtean Aldaka, Berreño eta Totorikako kofradietakoek parroki hori Munitibar auzora aldatzea erabaki zutela, hantxe egiten zelako eliztarren erdigunea.

Arbatzegi, Gerrika eta Urionako bizilagunak horren aurka jarri ziren, baina Arteagako Martinek, elizako patroi lez, Olajauna deituraz ezagutzen zen Pedro Zubikonari erosi zion soroan egiten hasiak ziren eliza berrira aldatzea lortu zuten. Ermitako irudiak eta jantziak parrokia berrira aldatzeko unea heldu zenean, ordea, auzotarren artean sekulako nahaste eta haserreak sortu ziren Bengoleako Sagastiluze inguruan.

Eliza honek 100 oin dauzka luzeran eta 39 zabaleran. Hiru aldare dauzka. Eliza barruan 52 hilobi egin ziren eta patroiaren hilobi berezi bat. Kanpandorrea 1725. urtean egina da.

1937. urteko apirilaren 25ean, arratsaldeko ordu bietan, hegazkinak leherkariak jaurti zituen errepideko bidegurutzean. Eta parroki hau bertan dagoenez, parroki honi kalteak egin zizkion. Leherkari bat teilatuko gailurrean jausi zen, gain-haga apurtu eta barruan lehertu zen. Eliztarrek konpondu zituzten behin-behinekoz kalterik handienak. Gero nazionalak sartu zirenenan, euren aurka jaurtikitako obus batek, hegoaldeko horman zulo bat eginez, bertan zegoen aldarea zatitu zuen, eta beste batek elizpea.

Gerrikaitzeko Andra Mari Parrokia

Gerrikaitzeko Andra Mari Parrokia

Herriaren fundazio-agiritik datorkio Gerrikaitzi parrokia sortzeko agindua edo baimena. Labayruk 1402. urtea aipatzen du.

Kalahorrako gotzainak 1459. urteko urtarrilean erabaki zuenez, hiru abade egoten ziren parrokia honen zerbitzurako.

Bertako patroi Arteagak eta eliztarrek, 1550. urtean, parroki berria egitea komeni zela erabaki zuten. Asmo honen aurka agertu ziren Arbatzegitarrak, baina egin egin zuten.

1847. urte inguruan berriztatu eta zabaldu egin zen ordurartekoa.

Uriona auzoa

Barrenetxe Baserria

Oiz mendiaren hegalean dagoen etxalde hau XVI. mendean eratu zen eta bertako baserri gehienak garai hartako estiloaren erakusgarri dira.

Zutabe-egitura sendoko etxaldeak dira denak. Argazkian, Barrenetxe baserria.

Totorika auzoa

Baserriak eskualde honetan izan duen bilakaeraren adierazgarri dira auzo honetako etxaldeak.

Estilo eta egitura desberdinekoak dira gehientsuenak.

Totorikako San Juan baselizak ere badu interesik.

Trapezio itxurako hilarria aurkitzen da bertan, lehen mendeko gurutz-irudiko apaingarria du.

Gerrikako Santa Luzia Ermita

Gerrikako Santa Luzia Ermita

Historiarik luzeena daukan ermita dugu. Iturriza historigileak Ziortzako eliza baino lehenagokoa izan litekeela aipatzen du.

Ermita hau Gontzogarain dago, Bolibartik Arbatzegira goazela errepideko tontorrera helduaz batera, eskumarako auzo-bidea hartu eta Gerrika auzora sartuz, errepidetik kilometro eta erdira. Luze eta zabalez: 12,50 x 12,15.

Kanpai bakarra. 1960an berriztatu egin zuten.

Ordura arte zeukan beheko hartzabalak lur-egosiz eginak ziren eta gaur terrazozkoak dira. Mozarabe estiloko hiru argiko leiho ederra agertzen du.

Paraje ikusgarria eta bista ederreko ingurunea.

Oizko San Kristobal Ermita

Oizko San Kristobal Ermita

Itsas mailatik 791 metrora dago. 12,90 x 7,30 neurtzen du eta alde bitarako teilatua du. Barruan burdin sare bat du, aldarea eta gainontzekoak aldebanatzeko. Iparraldean, ur garden ugari ematen duen iturria dago. Ermita hau, elizaz, Gerrikaitzeko Andra Mari parrokiaren mendekoa da. 1978an berritu egin zuten.

Luzez egon izan dira bertan haserreak. 1654. urtean jabetasun banaketak egin ziren eta 1708. urtean berriro egin ziren, baina itxuraz haserre bideak ez ziren argitzen eta konpontzen. Geroago ere izan dira haserre eta nahasteak.

San Kristobal, belarriko minen osagarri-laguntzailetzat daukate toki askotan, eta hemen ere San Gregorio egunean meza esaten zen urtero, eta letaniak errezatuz igotzen ziren bertara Ibarruritik.

San Migel Ermita

San Migel Ermita

San Migel auzoan dago. 8,95 x 7,10 dauka neurritzat. Bertako jaia irailaren 29an izaten da, eta hurrengo igandean ospatzen da.

Ohitura da jai egun horretan bazkaria eta erromeria bertan ospatzea eta egitea. Inoiz parrokia izan ote zen ez dago garbi. Baina jakina da parrokietako elizkizun asko egiten zirela bertan.

Hilobiak ere egon zirela irakurtzen da. Iturritzak dioenez, 1554 arte parrokitzat zeukaten.

Salbatore Ermita

Salbatore Ermita

Berreño kofradian dago. Arbatzegi-Gerrikaitzetik Gernikara goazela, 44 km. inguruan, eskumalderako bidea hartu eta berehala aurkitzen da ermita.

Ermitaren neurria: 8,80 x 6,30. Alde bitarako teilatua. Kanpandorrerik ez du. Kanpaitxoa ermita barruan dago, alde batetik zintzilik. Oso ermita zaharra da.

Ermitatik gertu harrobia dago, baina gaur egun ez da erabiltzen. Ermita hau Kanpona mendiaren saihetsean dago, itsas neurritik 215 metrora.

San Lorentzo Ermita

San Lorentzo Ermita

Pinu artean dago, 220 metrora.

Parrokiaz Gerrikaitzeko Andra Marikoa da.

Jabea, Antorena etxea. Ermita txikia da, 5,50 x 4,45 metrokoa. Arbatzegi-Gerrikaitzeko txikiena da.

San Juan Ermita

Totorika auzoan dago, tontor batean, herritik kilometro eta erdira.

1966. urtean berriztatu zuten. Ohitura denez, San Juan lore-sortak bedeinkatzen dira, bai eta arto, sagar eta bestelako fruituak ere.

Ermita hegalean egiten da San Juan sua, jaiaren bezperan, Ermitondo deitzen den lekuan. 379 metrora dago.

Santiago Apostoluaren Ermita

Santiago Apostoluaren Ermita

Aldaka auzoan dago. Arbatzegitik Gernikarako bidean, 44 km. inguruan, ezkerretarako pista bat hartu behar da eta handik kilometro bira dago.

Santiagorako erromesen atseden-lekua izaten omen zen.

Santa Eufemi Ermita

Santa Eufemi Ermita

Aulestin bezala hemen ere Santa Eufemi gurtzen da. Arbatzegi eta Albiz-Mendata arteko lurren mugan dago, pinu artean. Gola auzoa deitzen diote. Arbatzegitik Gernikarako bidean 41 zenbakidun kilometro inguruan, ezkerretara, eta ibaiko zubia baino lehentxeago dagoen auzo bidea hartu behar da bertarako.

Ermita txikia da, 8,64 x 6,40 metrokoa. Elizaren atarian, hormari josita, antzinako harrizko aldarea dago, eta inguruan harrizko hilobi zahar handi batzuk. Gerriko minez ibili ohi direnen kutuna da santu hau. Haize zakarretan ere baserritarrek santa honi egin diote erregu. Intxaur, gaztain, sagar eta frutuen zaintzaile ontzat daukate.

Toki hau sorgin-leku izan omen zen inoiz, eta, kondairek diotenez, ermita egin zenean desagertu ziren, bertatik ihes eginez.

Gaur egun Gola baserriaren esku dago.

Elortza Errota

Elortza Ermita

Gerrikaitz hiri zen garaian bertan zegoen errota bakarra zen.

Olatxu edo Olaetxea Errota

1745ean burdinola eta errota zeuden bertan.

Cookie-en Erabilera:
Leaibarra.com-ek, geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa, Elexalde 1 - 48289 GIZABURUAGA - Tel: 946842982 - Emaila: leaibarra@bizkaia.org - Web-Mapa - Irisgarritasuna - Lege-oharra - Cookie