Lea Ibarra Amankomunazgoa - Munitibar - Aulesti - Gizaburuaga - Amoroto - Mendexa

Euskal Herriko Mapa
Lea Ibarreko Mapa

Lea Bailara - Ezaugarri Geografikoak

Bizkaiko mendirik garaienean duen sorburutik hasi eta itsasoratzen deneraino, Lea ibaiak aspaldidanik ildokatzen zuen lurraldeari deritzo Lea Ibarra. Ibai baten izenak eta izanak taxututako bailara dugu beraz.

Kantauri Itsasoak edo Bizkaiko Golkoak mugatzen du iparraldean, Durangaldeak hegoaldean eta alde banatan, alegia ekialde eta mendebaldean, Artibai ibarrak eta Busturialdeak eta Urdaibaiko biosfera naturalak.

Administratiboki, Bizkaiko lurralde historikoa osatzen duten zazpi eskualdeetarik mendebaldekoenean dago lurralde hau, Gipuzkoatik gertuenekoan, alegia Lea-Artibai deiturikoan.

Zazpi udalerri biltzen dira Lea ibaiaren arroan, hegoaldetik hasita, Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa, Ispaster eta Lekeitio, hurrenez hurren. Lehen bost udalerriek, ezaugarri geografikoak eta sozioekonomikoak oso antzekoak izaki, elkarri estuki lotuta daude, eta harreman sendo horrek Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa sortzera eraman zituen.

Bost udalerriok eta Mankomunazgoa bera dira hain zuzen ere, lan honen sustatzaile, ardatz eta helburu. Aurrerantzean, Lea Ibarra aipatzen den bakoitzean Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa herriek osatzen duten inguruaz ariko gara batik bat.

Malkarrez, muinoz eta tontorrez jositako eremua dugu Lea Ibarra. Ibaia lerro zuzen bihurtzerik balego eta Oiz menditik itsasora bitarteko tartea neurtuko bagenu, hogei kilometro eskasetan 0tik 1.024 metrorako altuera-aldea bistaratuko litzaiguke hegotik iparrerako mugetan.

Gutxi dira lur lauak. Izan ere, Lea Ibarreko Udal Mankomunazgoa osatzen duten bost udalerrietarik bi –Amoroto eta Mendexa– tontorretan eraikita daude, eta gainerako hirurak –Gizaburuaga, Aulesti eta Munitibar– mendien magaletan.

Ba da, hala ere, eremu baxu eta hondartsurik. Esate baterako, Mendexako Karraspio hondartza. Paraje gozoak eta gailur zelatariak, itsas usaina eta mendi haizea, nekazaritza eta arrantza giroak plano berean...

Aise begitanduko zaigu naturaren aberastasunez, kontrastez eta liluraz beteriko lurraldea.

Cookie-en Erabilera:
Leaibarra.com-ek, geure eta beste batzuen cookieak erabiltzen ditugu nabigatzeko esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookien politika onartzen duzula ulertuko dugu.
Lea Ibarrako Udal Mankomunazgoa, Elexalde 1 - 48289 GIZABURUAGA - Tel: 946842982 - Emaila: leaibarra@bizkaia.org - Web-Mapa - Irisgarritasuna - Lege-oharra - Cookie